Atarian hego haizeak
zakar joten zuen bitartean,
bizi nahi eta ezinaren arteko
borrokaren ostean,
munduarekin lotzen zintuen
hari mehea eten egin zen.
Neguko azken haizeak
eraman zaitu,
udaberriaren etorrera
iragartzen dute San Jose lorek
zelaiak kolorez jantziz,
enarak ere urtero legez
etorriko dira,
mahatsondoa hostoz
jantziko da
parrapean gerizpea sortuz.
Aulkiak prest daude
mahai inguruan,
hutsunea somatuko da,
zure kontulagunek
zutaz hitz egingo dute,
agian zurekin hitz egingo dute,
hurbil egongo zeralako.
Parrapeko kontuak
atzokoak, gaurkoak
ez dago biharkorik.